Saltatu nabigazio-menua eta joan edukira

EROSKI CONSUMER, kontsumitzailearen egunkaria

Bilatzailea

Fundazioaren logotipoa

EROSKI CONSUMERen kanalak


Kokaleku honetan zaude: Azala > Bidaiak > Donejakue bidea > Donejakue bidea bizikletaz

Donejakue bidea bizikletaz

Bidea bizikletaz egiteko aholkuak

Irten aurretik, prestatu ondo etapak. Nafarroako bideak 760 kilometro ditu (gehi beste 27 km Donibane Garazin hasiz gero); Aragoiko bidea, berriz, 820 kilometro luze da. Antzinako ibilbidea nahiko motza da, gutxi gorabehera 315 kilometro baititu. Onena bidetik egitea da, ahal dela, etapa bakoitzean kilometro gutxiago egin behar badira ere. Oro har, ibilbide teknikoa da, etengabe gora eta behera egiten duena. Zati batzuk errepidez egin behar dira, zoritxarrez.

Etapen profilak aztertzea komeni da: denak ez dira berdinak, eta bidearen zati guztietan zangoak ez zaizkizu berdin nekatuko (webgune honetan ibilbide-zati guztien profilak ikus ditzakezu).

Irten aurretik, planifikatu ondo etapak. 800 kilometro dira, eta zenbat denbora duzun izan beharko duzu kontuan, dituzun egunak antolatzeko. Aztertu etapetako profilak: guztiak ez dira berdinak, eta bidearen zati guztietan zangoak ez zaizkizu berdin nekatuko.

Antolatu ondo ekipajea bizikletan. Pisua orekatuta eraman behar duzu, pedalei ahalik eta erosoen eragiteko. Horretarako, jarri zakutoak edo parrila atzeko aldean, erremintak gordetzeko hiruki formako poltsatxo uhalduna zelaren barraren azpian, eta poltsa bat eskulekuan (oso praktikoa), dokumentazioa edo bideko ibilbideak gordetzeko.

Oinezkoek lehentasuna dute txirrindulariekiko 20:00ak arte. Gaua igarotzeko lekua ere kontuan hartu behar da ibilbidea planifikatzean. Arratsaldeko 8etatik aurrera, txirrindulariek oinezkoen lehentasun-maila bera dute aterpetxeetan. Izan ere, oinezko bat beteta dagoen aterpetxe batera iristen bada eta hurrengora joan behar badu, baliteke 10 edo 15 kilometrora egotea, eta iristeko 2 edo 3 ordu beharko lituzke. Aldiz, txirrindulari bat ordu erdian iritsiko litzateke.

Bidea bizikletaz egiteagatik izango dituzun abantailetako batzuk hauek dira:

- Bizikletan erraz egin ahal izango duzu ihes bidetik, hurbileko leku interesgarriak ezagutzeko.
- Bideko leku politenetan luzaroagoan geratu ahal izango zara, dena presarik gabe ikusteko.
- Bizikletan ibilgailu bat izango duzu zeharkatzen dituzun hirietan ibiltzeko, erosketak egiteko, lekuak bisitatzeko, etab.

Ibilbidearen etapak bizikletan egiteko prestatzea oso ariketa pertsonala da. Aukera ugari daude, eta etapa egiteko aurreikusten den denbora, norberaren sasoia, bizikleta-mota, etab. hartu behar dira kontuan. Ez da gauza bera lasterketako bizikleta batean errepidez egitea eta mendiko bizikletaz mendi-bideetatik egitea. Edo laguntzako autoarekin ala hura gabe, ez baita berdin fardelak gainean eramatea edo ez. Beherago azaltzen dugun etapa-banaketa egiteko era tradizionala hartu dugu kontuan, hau da, mendiko bizikletarekin, ekipajearekin eta ahal den guztietan bidetik joanez.

Batez beste 12 kilometro egiten dira orduko. Oinezko erromes batek batez beste 5 kilometro egiten ditu orduko. Txirrindulari batentzat, berriz, orduko 11 eta 13 km artean izango litzateke egiteko moduko batezbesteko bat. Egunean 5 orduko ahalegina beharko litzateke 60 km egiteko.

Neguan, zailtasun gehiago sortzen dira. Erromesen % 90ek, bidea bizikletaz egiten dutenak barnean hartuta, maiatzetik irailera artean egin ohi dute. Euri asko egiten duenez, batez ere Galizian, neguko hilabeteetan mendebalderantz egitea ariketa gogorra izaten da, eta are gehiago bizikletan, erromesak bide-zati asko errepidez egin behar izaten baititu.
Asturiasko Printzerriak antzinako bidearen bide-zatiak berreskuratu eta seinaleztatu ditu, galduak baitziren; hala, ibilbide erosoagoa eta seguruagoa osatu dute.
Orografia dela eta, bizikletaz egiteko garairik egokiena maiatzetik irailaren bukaerara arte da.